Papel crítico 103

Larraitz Fagundez Osa*

UPV/EHU

Contar el abandono. Paisajes de un mundo en ruinas

Autores: Gabriel Gatti e Iñaki Rubio-Mengual (Eds.).

Páginas: 313

Editorial: Bellaterra Edicions, 2024

Ciudad: Barcelona

 

* Harremanetan jartzeko / Correspondence to: Larraitz Fagundez Osa. UPV/EHU. Kontu Laborategia, Facultad de Ciencias Sociales y de la Comunicación. Barrio Sarriena, s/n (48940-Leioa) – larraitz.fagundez@ehu.eus – http://orcid.org/0009-0002-2862-2541.

ISSN 3045-5650 / © UPV/EHU Press 2025

Cc-by-nc-nd_icon.svg.png Esta obra está bajo una licencia
Creative Commons Atribución 4.0 Internacional

 

Luberria munduaren hondakinetan: abandonatutako toki eta izakien narrazioak

Gizarte garaikidea pentsatzea ez da erronka makala, baina, era berean, ezinbesteko hausnarketa da komunitate zientifikoak oinordekotzan jaso dituen kontzeptu eta erreminta analitikoek ez dutelako dagoeneko mundua zuzen ezaugarritzeko balio. Izan ere, intuizio hori nekez uka daiteke: oinordetzan jaso ditugun hiztegi eta narratibek azkura eragiten digute gaur, zerbaitek ihes egiten digu, mundua (bizitza soziala) aldatu egin da moduren batean, eta berritu eta egokitu egin beharra dago hori azaltzeko dugun markoa ere. Nola egin, ordea? Norabide horretan egin dute lan Gabriel Gatti-k eta Iñaki Rubio-Mengual-ek koordinatutako Contar el abandono. Paisajes de un mundo en ruinas (2024) diziplina anitzeko lan kolektiboan.

Zabortegi erraldoiak, basamortu bihurtu diren naturaguneak, migratzaileen heriotzak, zahar etxeetan edo ospitaleetan ahaztutako bizitzak, txabolaz eraikitako herrixkak… Zaurgarritasuna eta degradazioa; prekarietate gero eta handiagoa eta horren ondorio materialak (gero eta gehiago dira zaintzen eta babesten ez diren pertsona eta fenomenoak), eta sozialak (jaso dugun munduaren interpretazio markoak ez du balio jada). Horregatik, abandonua da autoreek errealitate hori izendatzeko aukeratu duten terminoa, euskarri analitiko gisa proposatu dutena. Ez delako, dagoeneko, gertakari puntuala, «fenomeno sozial totala» baizik; ez da koiunturala, estrukturala da gure garaian (Gatti eta Rubio-Mengual, 2024, 12-13. or.).

Lan kolektibo interesgarria, beraz, identifikatzen duen fenomeno estrukturalagatik, eta horren aurrean egiten duen proposamen analitikoagatik: hiztegi baten agorpenaz ohartu eta berri bat proposatzen duelako. Ez da erantzun definitiboa, behar bada, baina lanerako bide proposamena da. Garaia pentsatzea asmo handia dela esan dugu, baina horrek ez du esan nahi pausoka abordatu ezin denik: helburua, izan ere, hitzaurrean azaltzen den bezala, abandonoari hurbilpena egiteko moduak eztabaidatu eta amankomunean jartzea da eta jaso diren testuek gai horri buruzko galdera eta erronka komun batzuei erantzuten diete.

Zehazki, liburua osatzen duen testu sorta askotariko diziplinetatik datozen ikerlariek ondu dute (antropologia, soziologia, arkeologia, zuzenbidea, arkitektura, ingurumen zientziak, arte ederrak, komunikazio zientziak) ViDes. Vidas Descontadas. Refugios para habitar la desaparición social ikerketa proiektuak eta Kontu Laborategia. Contar en la investigación de frontera ikerketa taldeak bultzatuta. Abandonua elementu zentral gisa hartuta, hiru zutaberen gainean eraiki dituzte artikuluak: i) ikerketek oinarri enpirikoa dute (errealitate materialen bati egiten diote erreferentzia); ii) bakoitzak dagokion diziplinatik problematizatu du jaso duen herentzia teorikoa eta ondu proposamen berri baterako hurbilpena; iii) eta zer esaten den bakarrik ez, nola kontatzen den ere hausnartu dute (idazteko eta errepresentatzeko estrategiak ere birpentsatu beharra mahai gainean jarriz). Hiru multzotan sailkatu daitezke testuak, editoreek hitzaurrean azaltzen dutenez: lehenbizikoan paisaiak dira elementu zentrala; bigarrenean, bazterreko eremuak, pentsatzeko zailak egiten direnak; eta, hirugarrenean, kutsu biografikoagoa duten ikerketak, egunerokotasunari begirakoak.

Lehen testuan, Alfredo González-Ruibal arkeologoak abandonatutako hiri eta auzoen hondarrak deskribatzen ditu, abandonoa «desegite prozesua» dela azaltzeko (González-Ruibal, 2024, 25. or.). Eskenatokia, espazioaren materialitatea, geografia bera, lehen lerrora ekartzea da autorearen helburua, espazioa oinarrizko elementua dela frogatzeko sozialki desagertuak dauden (baztertuak, kontuan hartzen ez diren) horien bizitzetan. Abandonoa, González-Ruibalen arabera, bukatu gabeko prozesua da, desegite prozesu etengabea, eta geografia bat osatzen dute espazio abandonatuek, zeinak beste fenomeno batzuen «agerpen» edo «berreraikitze» espazio ere bihur daitezkeen (González-Ruibal, 2024, 35-37. or.). Madrileko Entrevías auzoan indusketa arkeologikoko kasu-azterketa batekin ilustratu du proposamen analitikoa, azalpen teorikoa adibide enpirikoekin indartuz.

Galizian dago kokatua bigarren atala, David Casado-Neira soziologoak idatzitakoa, falangistek hildako Antonio Ribeiro langile portugaldarra lokalizatu eta desobiratzeko lanean ari den diziplina anitzeko talde batekin jardunean ari dela. Biztanlez husten ari den paisaia deskribatzen du Casado-Neirak. Despopulatzeaz gain, abandonua nagusi den eremua da zentzu gehiagotan ere, eta hiru elementu darabiltza hori adierazteko: pinua, zeinaren monolaborantzak ordenatzen duen lurra mortu bihurtu den eta suteek mehatxatzen duten; otsoa, natura basatiaren eta gauzen egoera naturalaren iruditerian zentrala, eta harekin gatazkan dauden nekazariak eta ehiztariak (Casado-Neira, 2024, 48-49. or.); eta bulldozerra, suntsiketaren eta eraikuntzaren sinboloa, lurra moldatzeko instrumentua (Casado-Neira, 2024, 52. or.). Abandonoa eta ahanzturaren esanahiak dira testuaren hariak, dela lurrarenak, dela bilatzen ari diren pertsonaren arrastoenak. «Sua pinuarentzako dena, ehiza otsoarentzako, horixe bera da ahanztura Antoniorentzako» bukatzen du Casado-Neirak artikulua (2024, 55. or.).

Violeta Cabellok eta Eduardo Serranok Mar Menor-era daramate irakurlea hurrengo atalean. Ikerketarako, gizaki eta ez gizakien arteko harremanak aztertzeko planteamendu metodologiko berrietatik heltzen diote Mar Menor itsasoaren eraldaketa eta krisi ekologikoaren auziari. Mar Menor defendatzeko sortu diren mugimendu sozialen harira, gizakia ez den horrekiko sentsibilitate berriak sortu direla proposatu dute autoreek, «minaren eta abandonuaren aurrean erreakzionatzen dutenak, mobilizatu eta hiperbisibilizatuz eta, besteak beste, natura-kultura bezalako dikotomiak gaindituz» (Cabello eta Serrano, 2024, 68. or.). Ikertzen ari diren fenomenoan eragina duten faktoreen aktoreak ez-gizakiak direla da abiapuntuko ideia, eta gizaki eta ez gizakien ontologia berrien kondizio iraultzailea berresten dute. Agerikoa da interesa gizarte zientzietako proposamen berritzaileekin.

Europako hirietako eraiki gabeko eremuak ditu mintzagai Ula Iruretagoiena arkitektuak. Eremu horiek hutsik dauden lursailak dira urbanismoaren begietara, lugorri urbanoak, zabortegiak ia, abandonatutako tokiak (hirigintzaren planifikaziotik bederen) (Iruretagoiena, 2024, 77. or.). Era berean, espazio horietan gertatzen dira hiri-planifikazio horren arauketan sartzen ez diren gauzak: kontzertu edo jai inprobisatuak, akaso legez kanpokoak, urtebetetze ospakizunak (mundu guztiak ez baitu ospakizunetarako toki handi pribaturik), kirola egitera doa jendea edo partiduak antolatzen dituzte (adibidez futbola, edonork ez baitu azpiegiturak alokatzeko dirurik). Hau da, ez dute hiria definitzen duten arauen arabera funtzionatzen. Eremu horiek hiri-landa dikotomiatik at pentsatu daitezke soilik (Iruretagoiena, 2024, 83. or.), izaera propioa dute. Pentsamendu urbanistikoaren kontra, planik gabe gertatzen da bizitza, ageriko eginez «abandonoa, agian, beharrezko distantzia dela bizitzaren ekoizpenerako beste makinaria batzuk asumitzeko» (Iruretagoiena, 2024, 91. or.).

Paisaiatik abiatuta eraikitako azken testua da Gabriel Gatti eta Elixabete Imaz-ena. Apokalipsitik gertu dagoen mundu abandonatuan, modernitatetik hona hura gobernatzeko eta antolatzeko indarrean dagoen «lorategitzeaz» ari zaizkigu autoreak: ezerezaren, desertuaren gainean, zerbait ordenatua, ederra, eraikitzearen logikaz. Horretarako, Uruguayko hiru leku konparatu dituzte: Punta Colorada, txukuna, delikatua eta klase ertain-altuena; Punta Negra, baliabide urriagoekin eta «jatorrizkoa dena» eta komunitatea mantentzeko ideiarekin eraikia; eta Santa Isabel, baso berritua, «naturara itzulera». Balorean jartzen diren elementuak eta gobernatzen duen estetika ezberdinak izan arren, denek ere logika horren arabera funtzionatzen dute ordenamendu gisa: lorategi mota ezberdinak dira, azken finean, baina lorategiak.

Paola Díaz-en artikuluak irekitzen du bigarren blokea, prekarietateak eta abandonoak markatutako bizitzei, biziraupenari, buruzko atala, hain zuzen. Tarapacá-ko basamortuan (Txile) zabortegi klandestino erraldoiez eta bertan bizi diren pertsonei buruz jardun du Díazek, biztanleen historiez eta hondakinez inguratuta bizitza eraikitzeko moduez. Batez ere, baina, bere esperientziaz eta prozesuaz hausnartu du, errealitate horretara hurbiltzerakoan. Izan ere, lehen begiratuan espazio abandonatu bat soilik ikusi zuela dio ikerlariak, giza bizitzarik gabekoa; baina, biztanleekin hitz egiteko modua aurkitu zuenean, horiek «ikustea» lortu zuen. Gauzak eta pertsonak «bereizten ez diren» eta izakiak «humanizatzen ez diren» tokia iruditzen zitzaion hasieran, eta pertsonekin harremandu eta gero, aldiz, begirada aldatu eta «aurpegiak, errelatoak, ahotsak» ikusten hasiko da, eta basamortua eta zabortegia «toki» bihurtuko zaizkio (Díaz, 2024, 122. or.).

Tlamacazapa-ra (Mexiko) garamatza ondoren Mariana Norandi-k. Pobrezia eta baliabide falta handiak dira han, besteak beste: edateko ur garbirik eza, indarkeria eta segurtasun falta gora doazela eta Estatuak kargu hartzen ez duela. Horregatik dio «bizitzaren zaintza» eta «tokia bera» abandonatuak izan direla han (Norandi, 2024, 146. or.). 2005ean izan zen Norandi bertan lehen aldiz, kazetari gisa informazioa biltzen kronika bat idazteko. 2023an berriro itzuli zen, asmo soziologikoagoarekin. Jasotako informazioarekin, eta kazetaritza kronikan eta soziologian oinarritutako narrazioa osatuz, «abandona teorizatu baino, kontatu» (ibid.) egin nahi izan du Norandik, egoeraren deskribapen eta narrazio sakona eginez eta, beste behin ere, aplikatutako hausnarketa eginez errealitatea kontatzeko moduen inguruan.

Jarraian, abandonoa, oroimena, indarkeria eta dolua ditu hausnarketarako gai Roberto ­Monroy filologoak. Mexikoko beste eskualde batean, Morelos-en, hainbat fosa komun agertu ziren 2016an, agerikoak eginez, hilotzekin batera, Estaturen praktika irregularrak gorpuen identifikazio eta tratamenduari dagokionean. Mexikon heriotzaren auzia jorratzeko egon diren erreferente literario garrantzitsu batzuekin dialogoan jarriz horretarako. Juan Rulfo-ren Pedro Páramo eleberria eta Cristina Rivera-Garza idazlearen aipuak ekarri ditu. Literatura, azken horren hitzetan, «praktika soziala» baita, «aitortza kolektiborako ariketa testuala» (­Monroy, 2024, 153. or.). Doluaren politikak, anonimotasuna eta testigantza dira testuan etengabe presente dauden gaiak, eta arkeologia eta narratiba berriak proposatzen ditu autoreak.

Abandonoa toki ezberdin batera eramango du Miren Gutiérrez filologoak hurrengo testuan: hain zuzen ere, teknologiaren eta algoritmoaren eremura. «Abandonu algoritmikoa» deitu dion fenomenoaz jardun du, eta horrela definitu du: «omisioak, injustiziak, akatsak eta sesgoak sektore publikoko ikasketa automatikoko algoritmodun aplikazioetan, pertsonak egoera kaskarrean edo sistematik kanpo uzten dituztenak» (Gutiérrez, 2024, 167. or.). Algortimoak gizartean zabalduta dauden aurreiritziak erreproduzitzen ditu azken buruan, eta akats eta sesgo horiek analizatzeko abandonoaren terminoa darama autoreak esparru horretara. Zergatik? Algoritmoaren joera horrek estrukturalki zapaldutako sektoreak babesgabe uzten dituelako ezkutuan, isilpean (Gutiérrez, 2024, 182. or.); adibidez, polizia-sistemetan, laguntza-sisteman, iruzur-arriskua detektatzeko sistemetan, eta baliabide publikoak lortzeko beste sistema batzuetan.

Fenomeno sozialak azaltzeko fikziozko literaturara jo duten autore gehiago ere badira bilduma honetan. Ez da harritzekoa, kontatzeko modu berriez hausnartzea helburuetako bat den neurrian. Ramon Sáez magistratuak, hain zuzen ere, abandonoak ezaugarritutako mundua pentsatzeko fikzioak eman ditzakeen erremintak abordatu ditu. Stanislaw Lem zientzia fikzio idazlearen Solaris nobelatik abiatu da horretarako. Eleberri horretan zientzialari talde batek Solaris planeta ezezaguna analizatu behar du. Hari nagusia alegoria bat da, ikerketa zientifikoari eta haren prozedimenduei buruzkoa, epistemologiaren problema klasiko bat: hizkuntzaren eta irudikatzeko gaitasunaren mugarena. Abandonoa Solaris bezalakoa da, dio Sáezek (2024, 195-196. or.), «desafiatu» egiten dituela ikerketa objektuak analizatzeko eta kontatzeko gizarte zientziek gaur arte sortu dituzten baliabideak.

Azken lau artikuluek kutsu biografikoagoa dute, pertsonak dituzte erdigunean, egunerokotasuna, eszena arruntak. Atal horretako lehen artikuluan Iñaki Rubio-Mengual soziologoak gizon nagusi baten eta bere bizi historiaren arteko bitartekari lanak egin behar izan zituenekoa kontatzen du. Zaharren egoitza batean bizi da gizona, Alzheimerra du eta Rubio-Mengualek eskola bateko haurrei bere bizitza kontatzen duen gutuna idazten laguntzen dio. Gizonak ez du bere bizitzaren narratiba propioa eraikitzeko gaitasunik, ez du horretan laguntzeko inguru ez sostengu familiar edo sozialik. Identitatearen, prekarietatearen eta narratiba autobiografikoen euskarrien inguruan hausnartzen du horren harira Rubio-Mengualek, zenbait mugaren inguruan pentsatzera darama: egoera horretan errelato bat erreproduzitzeko muga metodologikoak, errelatorik gabeko identitateak pentsatzearen muga teorikoa, eta esateko edo enuntziatzeko mugak (hau da, errelato bat eraikitzeko pertsona baten identitatearen gainean, horretarako euskarriak falta direnean). Memoria eta testigantzarik gabeko autobiografia bat da ikerlariak eraikitzen duena. Hiritarra, orain arte figura sozial aintzatetsiena, izan arren, ez du kontatu daitekeen historiarik, bazterrekoa da orain formazio sozial garaikidean.

Nazioarteko adopzioa eta horrek gurutzatutako bizitzak ere analizatu daitezke abandonoaren hiztegiarekin. Iosune Fernández-Centeno antropologoak abandonoaren ideia adopzioa egitatetzat jotzen duten justifikazio-errelatoen oinarrian dagoela azaldu du: instituzio horren inguruko aditu eta figurek abandonoa (familia biologikoak adoptatua izan den haurra abandonatu izana) ikusi ohi dute bai adopzioa bera bai eta pertsona adoptatuei eragiten dizkien ondorioak azaltzen dituen faktore gisa. Errealitatea da jatorrizko familien babesgabetasuna egon ohi dela adopzio kasuetan, baina baita instituzio publikoen omisioa, praktika irregularrak eta ezkutuko industria bat ere. Eta, batez ere, familia biologikoaren testuinguru sozial eta historikoa ere errealitatearen parte da, ezabatu ohi dena (edo kasurik onenean bigarren planoan utzi) jatorrizko familiak haurra abandonatu izanaren ideiak guztiz estaltzen dituelako gainontzeko faktoreak, sozialak, estrukturalak.

Álvaro Villar soziologoak Covid19-ak eragindako osasun kolapsoa gertatu zen garaian minbizia izan zuten pertsonekin egin du lan. Osasun larrialdiari erantzuteko gelditu edo moteldu egin ziren beste prozesu mediko batzuk eta, kasu askotan, atzeratu egin ziren minbizia diagnosi asko, detektatu zitezkeenak. Kasu horietako baten analisiaren bidez, asistentzia erakundeetan ematen diren abandonu prozesuak aztertu ditu Villarrek. Abandonoak, pertsona batzuk uzteak, zerikusi zuzena du osasun arretarako erakunde publikoen baliabide urriekin eta sistema biomedikoaren ideiekin, baina infrentzua du norbanakoen bizitzetan: kontuan hartzen ez diren bizitzak dira, «deskontatuak» (Villar, 2024, 235. or.).

Hiriei begira jarri dira Javier Auyero eta Sofía Servián ikertzaileak. Hirietako espazio marginaletako biztanleei begira, zehatzago esateko. La Mantera poblazioan, Buenos Airesen, bizi diren komunitateen estrategiak, elkarri laguntzeko moduak, jaso dituzte, lan merkatu formalak eta Estatuaren asistentzia politikek biziraupena bermatzeko gaitasunik ez duten testuinguru batean (Auyero eta Servián, 2024, 251. or.). Nola pentsatzen eta sentitzen da marginazioa, zein da abandonoa bizipena haragitzen duten pertsonentzako, desberdinkeria ekonomiko eta sozial bortitzen testuinguruan? «Brikolagea» egiten dute (Auyero eta Servián, 2024, 264. or.), eskura dituzten sare mota guztiak konbinatuz bizirauteko (familiarrak, politikoak, publikoak, laguntza sare komunitarioak…). Biziraupena baino, «persistentzia» deitu diote ikertzaileek funtzionatzeko modu horri: gogor eustea, irautea, aurrera egitea oztopo eta porroten aurrean (Auyero eta Servián, 2024, 266. or.).

Hamalau abiapuntu enpiriko eta kontakizun ezberdin horiek amankomunean dutena honako hau da: abandonoa dela ikertzaileek horiek azaltzeko darabilten prisma. Ariketa konplexua da abandonoa edukiz betetzea (zehatzago: deskribapen zurrunik eman gabe edukiz betetzea): hutsunea, falta, uztea izendatzea eta deskribatzea da; eta gertakari partikularretatik abiatuz ekarpena egitea garaia ezaugarritzen duen fenomeno orokor eta estruktural horren analisiari (bizitza sozialaren prekarizazioari; tokien, bizi baldintzen eta pertsonen abandonoari). Eta, hala ere, agerikoa da: errealitateak gainezka egiten du kontzeptuaren inguruan.

Inertziaz erabiltzen diren errepresentatzeko, idazteko, kontakizunak eraikitzeko moduei buruz pentsatzea izan da beste helburu nagusia. Horretarako, pauso bat harago eraman ditu ikertzaileak Saioa del Olmo-k, liburua ixten duen testuan. Ikertzaile bakoitzak abandonatutako objektu bat aukeratu, eta haren ahotsetik testu labur bat idatzi du, eta Del Olmok eman dio itxiera. Posizio ezberdinetik pentsatzera eraman ditu abandonoari buruz, askoz modu pertsonal eta intimoagoan; baina, baita idazketa bera beste toki batetik egitera ere, literaturaren egiteko moduetatik gertuago agian. Esperimentazioarekin elementu berriak agertzen dira, baita abandonu hitzak eguneroko erabilera arruntean dituen esanahiei buruz ere. Abandonoa da «galera gorpuzten duena», edo afektuak mugitzen dizkigun zerbait (desira, errua…) edo memoria, oroitzapenak, kontakizuna sorrarazten dizkiguna (Del Olmo, 2024, 301-303. or.). Alegatu bat ere bada azken artikulu hau, sormenaren aldekoa.

Ingurura begiratu eta gauzak aldatzen ari badira, inertziak hautsi behar dira. Nola egin, norabide posible batzuk badaude ikerketa hauetan guztietan jasota. Testu idatzian sormena kontzienteki aintzat hartzea gero eta garrantzitsuagoa izango ote da gizarte zientzietan? Ikerketetan diziplinartekotasuna baloratzeak ere aditzera ematen al du berritasuna bilatzeko joera? Azken hamarkadetako gizarte zientziek ezagutu duten munduaren hondakinetan bizi ote gara? Eta zer da, bada, gure garaia ezaugarritzen duena ez bada krisi ekonomikoa, geopolitikoa, klimatikoa, ongizate estatuaren desegitea, ezegonkortasuna eta pobretze orokortua? Munduko txoko guztietan ari dira komunitate asko pobretzen, eta orain arte ongizate maila egonkorra izan duten sektoreek ere gero eta bizi baldintza okerragoak izango dituztela sumatzen dute, krisi garaian. Arrakalak gero eta handiagoak dira, eta pobretzearen dimentsioak bizitza sozialaren dimentsio guztiak direnez, jakintza diziplinek eta instituzioek hurbilpen eta idazketa modu berriak entseatu behar dituzte. Zentzu horretan, Contar el abandono liburuan egiten den ekarpena interesgarria da norabide bat markatzeko, analisiaren plano berriak zabaltzeko, errealitate berriei dagozkienak. Lurreratutako ikerketa enpirikoetatik eraiki beharko da aparataje teorikoa, eta lurra irauli beharko da zerbait berria hazi dadin.